Eragintza Fundazioaren helburua da osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonei laguntzea gizarteratze- eta laneratze-prozesuetan.
Erabiltzaile bakoitzarekin plan indibidualizatua egin ondoren, haren inguruabar pertsonaletara egokituta, ibilbide-orri bat ezartzen da adostutako helburuak lortzen saiatzeko.
Prozesua pertsonala bada ere, familiak eta hurbilekoak oso garrantzitsuak dira ezarritako helburuak lortzeko motibazioari eta laguntzari begira.
Hau dela eta, beste topaketa bat antolatu da Eragintzako erabiltzaileen senideekin. Oraingo honetan, Olga Maiz BFAko Desgaitasuna duten Pertsonentzako Zentroen Ataleko burua, Ondoan Tutoretza Fundazioko Jose Ángel Gutiérrez eta AVIFESeko Estibaliz Villar izan ditugu. Mendekotasunari buruzko balorazioez eta desgaitasun-ziurtagiriak lortzeaz hitz egin digute, baita kuradoretzaz ere, besteak beste. Hori guztia familien kezkei erantzuteko eta erabiltzaileei ezarritako helburuak lortzeko bultzada handiagoa emateko.
Eragintza Fundazioak izugarri eskertzen die familia guztiei beren laguntza eta lankidetza.





