Eragintzak 35 urte hauetan lagun izan dituen bizitza istorioak balioetsiz ospatzen du bere urteurrena

October 9, 2026

Eragintza Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunean, 35. urteurrena ospatu zuen AXOLA DUTEN ISTORIOAK lelopean. Jardunaldia Eragintzako Alex Artetxe eta Sofia Turienzoren hitzaldiarekin hasi zen, eta “gaixotasun mentala duten pertsonen lanerako eskubidea eta enpleguaren, jarduera okupazionalaren eta prestakuntzaren garrantzia suspertzeko funtsezko elementu gisa” aldarrikatu zuten. Halaber, 35. urteurrenaren harira egindako hausnarketaren zati bat jasotzen duen bideo bati bide eman zioten.

Ekitaldian, Eragintzako Patronatuko presidente eta bbk Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendari k hiru hamarkada eta erdi hauetan egindako ibilbidea nabarmendu zuen. Ibilbide horretan, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen autonomia eta laneratzea bultzatzeko baliabideak eta aukerak garatu ditu. Esperientzia horri esker, ezagutza espezializatua sendotu ahal izan da eta ekimen berriak bultzatu dira, hala nola IBILBIDE programa, gazteei zuzendua eta haien prestakuntzaren jarraipena erraztera bideratua, etorkizunean laneratzeko urrats gisa.

Bere hitzaldian, azpimarratu zuen pertsona guztiek dituztela gaitasunak, talentua eta potentziala, baita lan-merkatuan sartzeko eskubidea ere. Adierazi zuenez, erronka mugetan fokua jartzeari utzi eta gaitasun horiek garatu ahal izateko beharrezko baldintzak sortzean datza.

Bestalde, Izaskun Landaida Eragintzako zuzendari nagusiak 35 urte hauetan egindako aurrerapenak aitortu ondoren, bide luzea dagoela egiteko gogorarazi zuen. “EINek desgaitasuna duten pertsonen enpleguari buruz egiten duen txostenak adierazten du desgaitasun psikikoa dutenak direla desgaitasunaren profil guztietako jarduera-tasarik txikienak dituztenak: % 29, desgaitasunaren jarduera-tasaren batez bestekoaren aldean (% 35).” Era berean, adierazi zuenez, “Osasunaren Mundu Erakundeak berak dio kalitatezko lana funtsezkoa dela gaixotasun mentala duten pertsonak sendatzeko”. Hori dela eta, “bere garaian ameslaria, ausarta eta aurreratua izan zen sorrerako konpromiso haren alde” lanean jarraitzeko eskatu zuen. Era berean, gogora ekarri du gaixotasun mentala duten pertsonek estigma estrukturala dutela, eta horrek zaildu egiten duela lan-merkatuan sartzea. Hori dela eta, urte berezi honetan, horiek ikusarazi nahi izan dira, indar handiagoz, ahal bada.

Leire San José Ruiz de Aguirre EHUko Finantza Ekonomia eta Kontabilitateko katedradunak, eta Ana González Pinto EHUko Psikiatriako katedradunak ere hitzaldi bana eman zuten, lehenengoak Eragintzaren inpaktu sozialari buruz, eta bigarrenak, osasun mentalean lanaren, okupazioaren eta prestakuntzaren garrantzia azpimarratuz.

Jardunaldiko unerik esanguratsuenetako bat Carol Mediavilla, Igor Gonzales eta Soraya Mogollon buru osasun arazoak dituzten pertsonen lanerako eskubidearen aldeko Eragintzako aktibisten taldeko kideak protagonista zituen mahai-ingurua izan zen. Beren esperientzien bidez, bizipenak eta hausnarketak partekatu zituzten, 35 urteko ibilbidearen parte diren istorioei aurpegia eta ahotsa jarriz.

Eragintzako baliabide eta zerbitzuen erabiltzaileei errekonozimenduak eman ondoren, Elixabete Etxanobe arduratu zen topaketari amaiera emateaz, pertsona guztiei entzuteak eta haien nahiak eta bizi proiektuak serio hartzeak duen garrantzia azpimarratuz. Era berean, 35 urte hauetan Eragintzak ateak irekitzeko, pertsona bakoitzari entzuteko eta eraiki nahi izan duten bizitzarako bidean laguntzeko egindako lana aitortu zuen.

Eragintza Fundaziotik eskerrak eman nahi dizkiegu ospakizun honetan lagundu digutenei gure historiaren parte direlako.

Gaitasunak ikusarazteko eta estigma apurtzeko urteurrena

Ospakizun horrek bat egiten du 35. urteurrena dela eta urtean zehar bultzatutako ekimenekin, besteak beste, Metro Bilbaon egindako erakusketarekin edo Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) udako ikastaroarekin. Ikastaroa buruko gaixotasuna duten pertsonen lanerako eskubideari buruz, kalitatezko lan batek osasunean dituen eragin positiboei buruz eta erronka horri hainbat esparrutatik erantzuteko lanean jarraitzeko beharrari buruz hausnartzera bideratuta dago.

Ekintza horiek guztiek helburu bera dute: erabiltzaileak, garrantzitsuak diren istorio horiek, zentroan kokatzea, haien gaitasunak eta gizarteratzeko eta laneratzeko prozesu pertsonal eta bakarrak ikusarazteko eta, horrela, gutxiesten dituen estigma apurtzen laguntzeko.

Eragintzaren jaiotza

Eragintzaren historia 1991n hasi zen, AVIFESeko familia talde batek seme-alabek lan munduan sartzeko duten eskubidea aldarrikatu zutenean. Ekimen horren ondorioz, irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatu bat sortu zen, BBKren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Confebasken laguntza jarraitua izan duena, eta, 35 urte hauetan, buru-gaixotasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea bultzatzeko baliabide espezializatuen eta aliantzen sare sendoa osatu duena.

Beste Albisteak

Logotipo de Fundación Eragintza para la Inserción Sociolaboral
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eskaintzeko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta funtzio hauek egiten ditu, besteak beste: gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzea edo gure taldeari laguntzea webeko zein atal iruditzen zaizkizun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen.