Eragintza Fundazioak BIDERATU programa bultzatzen du, hasierako fasean edo fase goiztiarrean osasun mentaleko arazoak dituzten gazteei zuzenduta. Gizarteratzea eta laneratzea sustatzea du helburu, pertsonen % 80 baino gehiago langabezian dagoen fase honetan.
Esparru horretan, egun 54 gaztek parte hartzen dute arestian aipaturiko programan. Eragintza Fundazioak adierazi duenez, “esperientziak erakusten digu lan-orientazio, prestakuntza eta berariazko laguntza egokiak emaitza positiboak dituela”.
Ekimena honako baldintza hauek betetzen dituzten Bizkaiko Lurralde Historikoko pertsonei zuzenduta dago: 18 eta 35 urte bitarteko adina, gaixotasun mentalaren diagnostikoa hasierako fasean edo fase goiztiarrean izatea, egonkortasun sintomatologikoa eta tratamenduarekiko atxikidura ona izatea, eta enplegagarritasuna hobetzeko prestakuntza-jarduerari berriro ekin nahi izatea.
Programan parte hartu nahi duten pertsonek Eragintza Fundazioarekin jar daitezke harremanetan (eragintza@eragintzafundazioa.eus eta 944 231 693 telefono zenbakian).
Programaren helburuak
BIDERATU programaren helburu orokorrak hauek dira: parte-hartzaileen bizi-kalitatea hobetzea, sintomatologia minimizatzea, ikasketetara itzultzea eta laneratzea erraztea.
Kolektibo horri bere enplegagarritasuna hobetzeko eta enplegu bat lortzeko sarbide-zubi gisa balio dio, bere gaitasunak eta ezagutzak indartuz.
Programak arreta espezializatua eskaintzen dio pertsona bakoitzari, beharren eta helburuen arabera. Ildo horretan, banakako ekintza-planak garatzen dira interesdunarekin lankidetzan, eta erakunde laguntzaileei (familiakoak, sanitarioak, instituzionalak edo enpresakoak) informazioa eta prestakuntza ematen zaie estigmaren aurka eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen garrantziaren, gaitasunaren eta enplegagarritasun-beharrei buruz.
Koordinazioa
Era berean, koordinazio-ekintzak ezartzen dira erabiltzaileari zerbitzua ematen dioten erakunde guztiekin. Horien artean daude osasun-erakundeak (Osasun Mentaleko Sarea eta LEHENAK Unitatea), enplegu-erakundeak (Lanbide), prestakuntza-erakundeak (erabiltzaileak ikasten dituzten edo dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako zerbitzu espezifikoak eskaintzen dituzten institutuak edo unibertsitateak), enpresak eta Bizkaiko gizarte-zerbitzuen beste erakunde batzuk.





