Urriaren 10ean ospatzen den Osasun Mentalaren Nazioarteko Egunaren esparruan, Eragintza Fundazioak jardunaldi bat antolatu du gaur, urriaren 13an, astelehena, Euskalduna Jauregian. “Indarrak batuz” izenburupean, hiru helburu izan ditu: osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek lan-merkatuan modu aktiboan parte hartzeko duten eskubidea aldarrikatu; erabiltzaileek gizarteratze eta laneratze prozesuetan izan dituzten ibilbide pertsonal eta baliotsuak publikoki aitortu, eta indarrak batzeko beharra azpimarratu, helburu honi erantzuteko.
Alex Arteche eta Haizea Rodríguez Eragintzako erabiltzaileek, mahai-inguruko kideek, Unai Rioja moderatzaileak eta Arantza Martin, Iciar Rastrilla eta Carol Mediavilla parte-hartzaileek lan-merkatuan parte hartzeko eskubidea aldarrikatu dute, eta ongizate emozionalean eta autoestimuan dituzten onurak balioetsi dituzte. Lanak, autonomia ekonomikoaz gain, eragin positibo garrantzitsuak ditu euren osasunean. Gaixoaren roletik langilearen rolera igarotzea da.
Eragintzako zuzendari nagusiak Izaskun Landaidak, Estatistikako Estatuko Insitutuak egindako “desgaitasuna duten pertsonen enplegua-ri” buruzko azken txostena erreferentziatzat hartuta, honako datu hauek aipatu ditu: Estatuan desgaitasuna duten pertsonen batez besteko jarduera-tasa %35,5 bada, osasun mentaleko arazoengatiko ezintasunei buruz ari garenean, jarduera-tasa %27,4ra jaisten da, eta enplegu-tasa %19ra. “Desgaitasun-profil guztietako tasarik txikienak dira. Datu hauek agerian uzten dute kolektibo honen laneratze-arrakala handia eta aurre egin beharreko erronka “.
Jardunaldian Salut Mental-AMMFEINA Kataluniako federazioko Leandro Taconsek hartu du parte hizlari gisa. Federazio horrek osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen laneratzearen alde lan egiten duten erakundeak biltzen ditu, eta haien esperientzia azaldu du.

Errekonozimenduak
Eragintzako 100 erabiltzaile baino gehiagok, fundazioaren hainbat programatan parte hartu dutenek, beren prozesu indibidualetan egindako ahaleginagatik eta aurrerapenengatik errekonozimendua jaso dute, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak ireki duen jardunaldian.
Sariak Amaia Antxustegi Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatu eta Eragintzako Patronatuko presidenteak, Nora Sarasola BBK Fundazioko Gizarte Ekintzako zuzendari eta Patronatuko kideak eta Teresa Laespada Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun diputatuak banatu dituzte.
Honetan bertan, Txema Vázquez, Eragintzako patronoa, omendu dute, 30 urte baino gehiagoz Fundazioan izan duen konpromiso eta dedikazioagatik.





